2008/12/14

Giza Eskubideen aldarrikapena




Iragan abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna 2007 izan zen, eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 60. urteurrena ospatzeko programari ekin zitzaion. 2008ko abenduaren 10a arte iraungo dute ospakizun-ekitaldiek, eta "Duintasuna eta justizia denontzat" izango dute leloa. Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren ekimenez abiatu da kanpaina, eta Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Goi Mandataria izango du gidari. NBEko sistema osoa jardungo da kanpainan, eta parte hartzeko gonbita egin zaie hainbat pertsona, talde, erakunde, elkarte eta gobernuri, Aldarrikapen Unibertsala ezagutarazi, babestu edo susta dezaten, edo haren premiaz ohartarazi dezaten.

LOINAZPE BHIk ere bat egin du ekimen honekin eta ETIKA ikasgaiko irakasleen ekimenez GIZA ESKUBIDEEN inguruko hausnaketa egin dute ikasleekin ikastetxeko sarreran pentsamenduaren mural handia sortuz. Bertan, ikasleek egindako hausnarketak islatu dituzte esaldi eta irudien bidez.



Bat egin du deialdiarekin Eusko Jaurlaritzak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez, eta berariazko kanpaina egingo du EAEn 2008an. Kanpaina horretan, herritar-talde batek bat egin du ekimenarekin Giza Eskubideen aldeko euskal konpromisoa proposatuz. Etxerako eta kanporako konpromisoa izango da, globala. Kanpora begira, duintasunaren eta justiziaren aldeko nazioarteko sinergia batekin bat egingo dugu; eta etxean ere jardungo dugu, gure herrian ere urratzen eta mehatxupean jartzen baitira giza eskubideak.

2008/11/10

Handitze lanak hasi dituzte azaroan

Sei gela berri egin asmoz, hilabete honetan, azaroan, hasi dituzte handitze lanak. Bi egitasmo nagusi burutuko dira: sei gela berri sortzea eta larrialdietarako irteera berria bat, ezinduentzako komunez gain.




Eskola Komunitatea egitasmoarekin pozik baldin badago ere, ez da horrela gertatzen berau burutzeko erabili diren datekin, eraikitzeak klaseen normaltasunean asko eragiten baitu. Alde batetik, jasan ezinak diren hotsak; eta bestalde, sarrera-irteerek eragiten dituzten eragozpenak.
Kalitatea hainbeste aipatzen den garai hauetan, Hezkuntza Departamentuak ez du aintzat hartzen ikasleengan honelako eraikitze lanak dituen eraginak eta eraikitzearen lehen fasea oporraldian hasi beharrean, ikasleak jota ke lanean ari direnean hasi dituzte.







Momentuz, beste erremediorik ez dagoen bitartean, eskola komunitate osoari pazientzia eskatu besterik ez zaigu gelditzen. Dena amaitzen denean eta eraikuntza berriaz jabetzen garenean, hau guztia ahaztuko dugulakoan gaude.

2008/10/19

Gurasoekin bilerak

Aste honetan hasiko dira LOINAZPE BH Institutuan gurasoekin izaten diren bilerak:

Asteazkenean, urriak 22, DBH 3. mailakoak.
Ostegunean, urriak 23, DBH 2 mailakoak.
Asteazkenean, urriak 29, DBH 4. mailakoak.

Bilera guztiak arratsaldeko 18:00an hasiko dira, norberak bere klasean. Arren, puntualak izatea eskatzen zaizue.

DBH 1. mailako bilerak banaka burutuko dituzte gurasoek tutoreekin.

2008/09/27

Ikasleek IKASKETA BIDAIAren berri emateko beren bloga sortu dute



DBH 4 mailako ikasleek IKASKETA BIDAIAren berri emateko BLOG-a sortu dute. Bertan jakin araziko zaio jendeari, ikasketa bidaiaren inguruko gertaera guztiak. Batez ere, bidaiara joango diren ikasleak erne egotea komeni da.

2008/09/11

Zuzendaritza berriak ekin dio 2008-2009 ikasturteari




Aurreko zuzendaritzakoek hiru urteko lanari amaiera eman ondoren, talde berri batek ekin dio ikasturtea martxan jartzeari. Aurtengoan zuzendaritzan arituko direnak honako hauek dira: Idazkaria: Asun Ugalde
Ikasketaburua: Xabier Urkizar
Zuzendaria: Itziar Errasti
Oztopo guztiak gaindituz, ilusioz ekin diote beren lanari. Aurrean gelditzen dira heldu beharreko erronka nagusiak: ikastetxea handitzeko lanak, Eskola Mapa, hainbat pedagogia proiektu eta, batez ere, Hezkuntza Komunitate osoari ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzea.

2008/09/10

Kirol zelai berritua Beasaingo Udalaren laguntzaz


Loinazpe BHI ikastetxeko atariak Beasaingo hiritarrei eskaintzen dien zerbitzua dela eta, Udalak 12000 euroko laguntza erabaki zuen aurtengorako. Ikastetxeak bere aldetik 17000 euro gehiago jarri behar izan ditu, kirol zelaietako bat guztiz berritu eta berau margotzeko. Honela, bai ikasleek eta bai Beasaingo auzokideek leku txukun bat izango dute zenbait kirol egiteko.

2008/09/09

Gaur ekin diote LOINAZPE BHIn Goierriko gazteek ikasturte berriari



Beasainen dago Loinazpe, baina ez da Beasaingo ikastetxea bakarrik, inguruko herrietako gaztetxoen ikastetxea baizik.

Zazpi herritako eskoletatik iristen dira ikasleak Loinazpera: Beasaingo Murumenditik,
Idiazabalgo Aita Iparragirretik, Ormaiztegiko San Andrestik, Ataungo Jose Migel Barandiarandik, Zegamako Aitxuritik, Segurako Laiotzetik eta Gabiriko Balentzategitik.
Baina herri horiez gain, Ezkio-Itsasoko, Zeraingo, Mutiloko, Olaberriko, Lazkaoko eta beste hainbat auzotako gaztetxoak
ere elkartzen dira Loinazpen.

Euren herrietako eskoletan hasten duten hezkuntza bidearean jarraipen naturala da Loinazpe. Zazpi eskola dira abiapuntuak, baina elkargunea bakarra da: Loinazpe. Sorburuan dauden ezberdintasun horiek, eta bailarako herri askotako gaztetxoen elkargune izateak are aberasgarriago bihurtzen dute Loinazpe.